XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasi hadi orain bila.

Zein kalamidadea haizen, diotsat neure buruari duda izpirik gabe.

Ez dut betaurrekorik ekarri (duela gutxi galdu nituen); baina ez dakit zaharraren zaharrez baztertutako lentilaren bat ez nuen nezeserrean sartu.

EGAko nere ikasle suspendituekin akordatu naiz: oraintxe negar zotinka, oraintxe haserre bizian, lanpostua, osasuna, burua, gizona, heredentzia, aitaren etxea... dena galduko dut aprobatzen ez banauzu, puntu bategatik, bi zehar galderagatik, hiru ergatibogatik, lau ikastaro, bost uda, sei barnetegi..., EGAko lamina irainduren baten begizkoa izan da hau, seguru.

Aleman itxurako bat etorri da nere putzura bainatzera.

Esplikatu diot baina ez dakit jabetu den nere desgraziaz.

Jantzi eta aldapan gora abiatu naiz automata bat bezala.

Zelai eta baso artean noa orain.

Ezkerretara lehen torre dolomitikoak ageri dira beren pareta bertikalekin.

Catinaccio mendiak.

Eskuinetara izai baso ikusgarri baten erdian nere begiek Latemar mendi majestuosoa ikusiko lukete Carezza lakuan ispilatua, ezertarako ikusminik balute.

Sekula ez dut hainbeste denbora behar izan aldapa bat igotzen.

Ordubiak inguru ziren Bolzanotik abiatu naizenean eta zortziak dira gora heltzerako.

Mentalizazio falta, haizea, beroa, neke metatua, mapa txarrak, dira bizikletariaren etsai handiak.

Nik Costalunga honen aditzerarik ez nuen Stelvio edo Pordoi-rena bezala, baina orain, atzera begiratuta, jabetzen naiz 1.500 metroko desnibela 29 kilometroan ez dela txantxetakoa honelako beroarekin eta indarrez urri ibili ezkero.

Gaineko ostatura heldu eta Coca Cola-gelato-Coca Cola... eskatzen eta eskatu ahala irensten hasi naiz.

Ostatuko andreak, oso maitagarria orain artekoak ez bezala, errukituta begiratzen dit.

Erdi tuerto etorri naiz bidean.